Etxepel babesgabetasun egoeran dauden pertsonei arreta integrala emateko zentroa da. Konfinamenduaren hasiera kolpe gogorra izan zen bertan, bereziki gogorra, gure jendearentzat latzagoa izango baitzen bakardade eta gabezia egoera. Egunez egun familia moduan lortzen dugun epeltasun hori ez galtzeko ahalegin handia egin behar izan dugu.
Beldur eta kezken artean, jarduera plan berri bat garatu genuen. Martxoaren 13an bukatu egin ziren taldeko gosariak, egunari hasiera emateko errondak, soroa, oilategia, erosketak, bazkariari buruzko erabakia bateratuak, nork sukaldatuko duen erabakitzea, tutoretzak eta bide-laguntzak, yoga saioak, saskibaloia, asteroko txangoak, gure txakur Wilmarekin jolas egitea, bazkalosteko solasak, lorategiko pergolan egotea… Gure zentroa, gure etxea eta bizitza betetzen zuten jarduerak.
Baina pertsonok hemen jarraitzen dugu, eta gogor hasi ginen lanean inor kanpoan ez geratzeko, dena ahalik eta ondoen joateko. Lehenik eta behin, saiatu ginen gure pertsona guztiek konfinamendua ahalik eta ondoen bizi zezaten. Beren etxebizitza edo gelak egoera onean zeudela ziurtatu genuen. Baten batek mugikorrean Internet behar bazuen, horretaz arduratu ginen. Telebistak, bizikleta estatikoak, musika, pelikulak, eta abar eman genituen, eta WhtasApp talde bat sortu genuen harremana mantentzeko: ideiak partekatu, sentimenduei buruz hitz egin, txisteak kontatu, musika eta liburuak gomendatu… distantziak banatzen ez gaituela sentitzeko. Gorputza aktibo mantentzeko gimnasia saioak egiten ditugu online eta elkarri aurpegia ikusten diogu, baita barre egin ere.