Kategoriak
#alkartasunabetizabalik

Etxepel, alkartasunak parez pare zabaldu ditu ateak

Etxepel babesgabetasun egoeran dauden pertsonei arreta integrala emateko zentroa da. Konfinamenduaren hasiera kolpe gogorra izan zen bertan, bereziki gogorra, gure jendearentzat latzagoa izango baitzen bakardade eta gabezia egoera. Egunez egun familia moduan lortzen dugun epeltasun hori ez galtzeko ahalegin handia egin behar izan dugu.

Beldur eta kezken artean, jarduera plan berri bat garatu genuen. Martxoaren 13an bukatu egin ziren taldeko gosariak, egunari hasiera emateko errondak, soroa, oilategia, erosketak, bazkariari buruzko erabakia bateratuak, nork sukaldatuko duen erabakitzea, tutoretzak eta bide-laguntzak, yoga saioak, saskibaloia, asteroko txangoak, gure txakur Wilmarekin jolas egitea, bazkalosteko solasak, lorategiko pergolan egotea… Gure zentroa, gure etxea eta bizitza betetzen zuten jarduerak.

Baina pertsonok hemen jarraitzen dugu, eta gogor hasi ginen lanean inor kanpoan ez geratzeko, dena ahalik eta ondoen joateko. Lehenik eta behin, saiatu ginen gure pertsona guztiek konfinamendua ahalik eta ondoen bizi zezaten. Beren etxebizitza edo gelak egoera onean zeudela ziurtatu genuen. Baten batek mugikorrean Internet behar bazuen, horretaz arduratu ginen. Telebistak, bizikleta estatikoak, musika, pelikulak, eta abar eman genituen, eta WhtasApp talde bat sortu genuen harremana mantentzeko: ideiak partekatu, sentimenduei buruz hitz egin, txisteak kontatu, musika eta liburuak gomendatu… distantziak banatzen ez gaituela sentitzeko. Gorputza aktibo mantentzeko gimnasia saioak egiten ditugu online eta elkarri aurpegia ikusten diogu, baita barre egin ere.

Etxepelen bizitzak aurrera jarraitzen du; pentsio soziala martxan dago hiru emakume errefuxiaturekin. Horietako batek bi ume ditu bere kargura, eta zentroa alaitasunez betetzen dute. Beste edozein etxetan legez, babes eta zaintza neurriak oso kontuan hartzen ditugu, eta egunak ahalik eta ondoen pasatzeko beharrezkoa dena asmatzen dugu. Pozik gaude txikiek lorategiaz eta soroaz goza dezaketelako.

Langileon artean egitekoak banatzen ditugu: pentsioan bide-laguntza ematea, zentroaren mantenimendua, etxebizitzetara bisita egitea, medikura edo behar den lekura laguntzea, sareko lana hobetzeko koordinatzea, taldeko bilerak egitea, elkarri laguntzea… pertsonei etxeetan bisita egiten diegu eta Eguzkilore proiektuko bi etxebizitzetara joaten gara. Egun zazpi pertsona bizi dira bertan. Pertsona batzuei ezin diegu arreta etxean eman eta Etxepelera etortzen dira. Telematikoki ere lan egiten dugu, egun osoa telefonora itsatsita… Ondarroara joan behar badugu, baten batek konpainia behar duelako, joan egiten gara. Pertsona bakoitzaren egoeran zentratzen gara. Baina onena da haiek ere boluntario eta langileez kezkatzen direla; badakite guretzat ere konfinamendua ez dela erraza, denok gaudela talde berean. Haiek dira gure motibazioa elikatzen dutenak, aurrera egiteko indarra ematen digutenak. Hau ere pasako da, eta gauza berriak etorriko dira.

Gure jendeak krisi egoera honetan gauzak onartzeko gaitasuna, erresilientzia, indarra eta adorea erakutsi digu. Horrela izanik, prozesu hauetan laguntzea are aberasgarriago bihurtu da guretzat, denok ari baikara ikasten.

Etxepelen lanak sari itzela dauka. Boluntarioak telefonoaren beste aldean ditugu, eta denon artean osatzen dugun bihotz handi honen ezinbesteko pieza dira. Denok gaude elkarlotuta.

Angustia eta ahultasunaren aurkako errezeta bikaina daukagu Etxepelen: berriz elkarrekin egoteko ITXAROPENA.

#alkartasunabetizabalik

Elena Morcillo Juliani

Etxepeleko Gizarte-langilea

Caritas Bizkaia