Kategoriak
#alkartasunabetizabalik

Zainketa espiritualerako denbora

Hartu egunero zure Espiritualtasuna zaintzeko denbora”. “Alkartasuna beti zabalik” kanpainan egindako gonbidapen honen bidez, Caritasek Jesusen bide-laguntza onartzera gonbidatu nahi zaituzte, Kristau Komunitatearentzako hain bereziak diren egun hauetan, eta bizitzen ari garen sasoi bitxi honetan. Garizuma eta Pazko egunak apur bat lausotuta geratu dira, une honetan ditugun zirkunstantziengatik.

Duela hilabete baino pixka bat gehiago inork ezin zuen imajinatu gure bizi-estiloa hain baldintzatuta geratuko zenik. Gure errutina, gure eguneroko ohiturak bat-batean eten eta aldatu dira, eta honen ondorioak ezin dira aurreikusi. Ematen du gure “bizitza-trena” (abiadura edozein zela ere) argirik gabe geratu eta gelditu egin dela, eta gure gauza guztiak  erori eta hankaz gora geratu direla. Egoera honetatik irten nahi dugu, gauzak jaso eta berriz bere lekuan jartzen joan nahi dugu, geure burua kokatzeko lekua bilatu… baina ez dakigu noiz eta nola. Gainera, badakigu ezer ez dela berdina izango, eta aro berri bati ekingo diogula. 

Eta horrela, bat-batean, bilatu gabe, gure bizi-esperientziari zentzua emateko aukera berri bat aurkitu dugu. Bakarka, edo, kasurik onenean, senide gertukoenen laguntzaz aurre egin behar diegun egoera berriak dira. Emozio berriak sartu dira eszenan, datu eta albisteen tristeziatik, balkoietan adierazten dugun euforiara.

Aukera berri bat dugu honen kontziente izateko: “Jainkoaren hitza entzutea, otoitz pertsonala eta familiarra gure bidearen oinarriak dira, indarra eta pazientzia ematen dizkigute, eta gure lekutik irten eta besteen alde egitera  bultzatzen gaituzte”. (Gotzainen pastoraltza gutuna, “Paz a vosotros”).

Iluntasun da nagusi, noraezean sentitzen gara. Egoera honetan, gure ikaskuntzak partekatu nahi ditugu, eta bidea argitzeko ekimen eta ideia berriak martxan jarri. Caritaseko espiritualtasun taldearen izenean, hausnarketa pertsonala eta otoitza bultzatu nahi ditugu, osasun eta gizarte krisi honen oinarri gisa. Eta, egiteko horren bidez, gure zentzu minutua bidaltzen dugu. Mugikorrean jasotzen ditugun esaldi, hausnarketa eta abestiak Jainkoarekin elkartzeko minutuak izan daitezke. Ekintza bakoitzean, gertaera bakoitzean, min eta alaitasun bakoitzean agertzen den Jainkoa. Minutu bat egunean entzuteko, errebisatzeko, gogoratzeko, sakontzeko, eskatzeko, eskerrak emateko, indarrak biltzeko, ilusioa berreskuratzeko…

Era berean, sasoi honetan Elizbarrutiaren beste ekimen batzuk sortu dira espiritualtasuna lantzeko asmoz, zailtasunak zailtasuan, Komunitatea inoiz baino sendoago egoteko. Ahaleginak biderkatu egin dira eta sormena ahal beste aktibatu da, baliabiderik egokienak aurkitzeko: liturgiaren eremuan (irrati, telebista eta Internet bidezko ospakizunak); deikundearen eta katekesiaren eremuan: gazte eta familiekin lantzeko materialak, komunitateetan partekatutako otoitzak… Eskaut familiarekin historiako lehenengo Gorka deuna online ospatzea ere lortu dugu.

Beraz, ez dezagun utzi momentua pasatzen. Bizitzea tokatu zaigun une zail hauetan, eskain diezaiogun denbora apur bat geure barne-zaintzari. Jesus berpiztuaren alaitasunak tristezia gaindituko du eta itxaropenez egingo dugu aurrera, Jainkoa gugan agertuko dela jakinda, nahiz ta guk ateak itxita eduki.

Manu Moreno

Caritas Bizkaiaren ordezkaria

#ALKARTASUNABETIZABALIK