Kategoriak
#alkartasunabetizabalik

Taperrak Caritas Bizkaiaren jantoki sozialetan

Egoera zaila bizitzen ari bagara ere, gure jantoki sozialek zabalik jarraitzen dute.

Apostoliken jantokia. Bilbao

Bilboko Apostoliken jantokian zein Barakaldokoan gure lan egiteko modua aldatu dugu. Normalean, jatekoa zentroetan ematen dugu, baina martxoaren erdialdetik aurrera taperretan ematen hasi gara.

Apostoliken jantokira 200 pertsona inguru joaten ziren egunero, eta Barakaldokora 70 inguru. Prebentzio neurri moduan, eguneroko dinamika aldatu egin zen, eta COVID-19 birusaren hedapena saihesteko neurriak hartu behar izan ziren.

Jantokietan arreta ematen zitzaien pertsona guztien babesa bermatzeko asmoz, pentsatu genuen hori izango zela aukerarik egokiena; izan ere, ez zegoen espazio nahikorik gomendatutako segurtasun-tarteak bermatzeko, eta gure lehentasun nagusia gaixotasunetik babestea izan behar zen.

Hortik abiatuta, normalean etortzen ziren pertsonek jatekoa jasotzeko modua aurkitu behar genuen; eta, era berean, osasun segurtasuna bermatzekoa.

Erabaki genuen bi jantokietan taperrak prestatzen hastea, ordura arte ematen ari ginen menu mota aldatu gabe. Lapiko Catering enpresarekin lanean jarraitu dugu; jantokietako sukaldeak kudeatzen jarraitzen du eta egoera berrira egokitu da. Martxoaren 13tik aurrera, lehenengo eta bigarren platera taperrean ematen hasi gara, postrea, ogia, mahai-tresnak, zapia eta ura gehituta.

Bagenekien neurri hori berez ez zela nahikoa izango; izan ere, pertsonak atean pilatzea saihestu behar genuen. Beraz, taperra jasotzeko ordutegia zabaldu genuen, pertsonen arteko kontaktua ahalik eta txikiena izateko. Orain 11:30 eta 14:00ak bitarteko ordutegia daukagu. 

Gainera, jantokira doazen pertsona guztiak komunetik pasatzen dira lehenengo, eskuak urez eta xaboiz garbitzeko, prebentzio neurri moduan.

Badakigu garrantzitsua dela egunean otordu bat behintzat bermatuta izatea, baina baita pertsonen higienea bermatzea ere. Hori dela eta, Bilboko Apostoliken jantokiaren kasuan, dutxa eta garbitegi zerbitzua zabalik dago. Zerbitzu horren ordutegia ere zabaldu da, jendea talde txikietan sartzeko dutxara, eta segurtasun distantziak mantendu ahal izateko.

Gaur egun, dinamika berarekin jarraitzen dugu, Barakaldon izan ezik; izan ere, joaten ziren pertsonetako asko udal kiroldegian daude orain, eta taperra bertara eramaten zaie, babes zibilaren lankidetzari esker.

Denbora guzti honetan, jantokietara doazen pertsonen kezkei entzuten eta babesa ematenari gara. Denontzako izaten ari da zaila, baina are gehiago bazterkeria egoeran dauden pertsonentzat, bakarrik baitaude.

Ezin dugu ahaztu boluntario-talde handia dugula zerbitzu bietan; Apostoliketan 47 dira, eta Barakaldon 34. Zerbitzu bietan, prebentzio neurri moduan, martxoaren erdialdetik ez dira zuzenean parte-hartzen ari, baina haien babesa jasotzen jarraitzen dugu, eta hori oso garrantzitsua da langileontzat.

Badakigu boluntario asko penaz daudela une hauetan aurrez aurreko lana egin ezin dutelako, baina oso gertu sentitzen dugu elkarrenganako babesa. Telefonoz eta posta elektroniko bidez harremanetan jarraitzen dugu. Espero dezagun hau dena laster pasatzea eta berriro elkartzea.

Gema Orbe Abarrategi

Jantoki sozialetako arduraduna.

Caritas Bizkaia