Azken asteotan kezkaz eta minez jarraitu ditugu pandemiak gure inguruan izandako ondorioak, gure lagun eta senideen artean; baina ohartu gara mundu global batean bizi garela, dena dagoela konektatuta, Caritas Bizkaiaren Nazioarteko Lankidetza eta Migrazio arloaren bidez egunero ikusten dugun moduan. Osasun krisi honekin, are gehiago estutu ditugu Peru, Ekuador, Kongo, Etiopia, Indonesia, Serbia, Libano eta Haitiko lagunekin ditugun harremanak. Urtean zehar programa eta jarduerak partekatzen ditugu, eta egunotan ohi baino whatsapp eta mezu elektroniko gehiago ari gara elkarri bidaltzen, egoera ezohiko honetan eguneroko bizimoduari buruz galdetzeko. Konprobatu dugu pertsonen eta herrialdeen arteko elkartasuna norabide bikoa dela.
Gure herrialdea epidemiaren foku nagusietakoa denez, gure kideak berehala jarri ziren harremanetan gurekin, komunikabide eta sare sozialen bidez heltzen zitzaien informazioak harrituta. Gugatik, gure senideengatik eta gure taldeen egoeragatik galdetzen ziguten. Beren hurbiltasun, enpatia eta adeitasunaren bidez, familia handi bat garela eta elkarren beharra dugula gogorarazi digute.
Epidemia planeta osoan zehar zabaltzen joan den heinean, herrialde bakoitzean gaixotasuna izaten ari den bilakaerari buruzko informazioa ematen digute, eta proiektuak partekatzen ditugun komunitateei nola eragiten ari zaien jakinarazten digute. Gehienek baieztatu dute gobernuek arin erantzun dutela lurreko eta aireko mugak itxiz, jakin baitakite osasun sistemak ahulak direla eta konfinamendua eta distantziamendu soziala ez direla hemen bezain eraginkorrak, prebentzio eta kontentzio neurri gisa. Babesgabetasun handiko errealitatea da haiena, eta kontuan hartu behar da hori: pertsonak kalera irten behar dira eguneroko soldata irabaztera, ur bila irten behar dira etxean ez daukatelako… Orokorrean, isolamendu neurriak eragin handia izaten ari dira lan egiten dugun komunitateetan.
Gure kideak prebentzio lan handia egiten ari dira. Pandemia honen inguruko informazioa ematen ari dira, jarraitu beharreko neurriak azaltzen eta sentsibilizatzen. Batez ere, oso arin hedatzen dela eta higiene neurriak oso garrantzitsuak direla nabarmendu nahi dute. Komunitate batzuek duten zailtasunetako bat informazio falta da. Gainera, kutsatzea saihesteko oinarrizko baliabideak ere falta dituzte, hala nola ura, xaboia edota babeserako ekipoak. Bertan ditugun kide guztiak telematikoki ari dira lanean, eta egunero gaude harremanetan. Oraindik goiz da aurreikusteko nola eragingo dien krisi honek herrialde desberdinetan ditugun jarduerei, baina, seguru aski, ondorioak garrantzitsuak izango dira; izan ere, pandemia hau orain heldu da, baina aurretik bazeuden beste arazo batzuk, elikadurarekin lotuak, aldaketa klimatikoaren ingurukoak, lehorte edo uholdeek eragindakoak. Toki bakoitzean garatzen ditugun prestakuntza ekintzak malgutu egin beharko dira, hala nola eskubideen, emakume eta indigenen ahalduntzearen eta hondamendi naturalen prebentzio arlokoak, epidemia honek izango dituen ondorio berehalakoenei erantzuten joateko.
Pandemia globala bada, elkartasunak ere globala izan behar du. Bizkaiko pertsona babesgabeenei laguntzeko gure inguruan sortu diren ekimenak txalotzen ditugu, pertsona horien beharrizana erdigunean jarri baitute; baina ez dugu ahaztu behar herritarren funtsezko eskubideak bermatu ezin diren herrialdeetan gaixotasun hau ondorio larriak izaten ari dela. Pandemia hau aukera bat izan daiteke gure gizarte eta ekonomia eredua birplanteatzeko. Pertsonak eta beren oinarrizko eskubideak erdigunean jarri behar ditugu, naturarekin dugun harremana eta hori zaintzeko beharra kontuan hartu, gizarte zibila eta boluntariotza sendotu eta xumetasunez bizi, beste batzuk, besterik gabe, bizi ahal izateko.
Amaya Ruiz Ucar
Nazioarteko Lankidetza eta Migrazio arloa
Caritas Bizkaia
#alkartasunabetizabalik