Caritas Bizkaiaren Zerbitzu Psikologikoaren bidez pertsona babesgabeenen, boluntarioen eta hala behar duten Caritaseko langileen osasun mentala zaintzen jarraitu nahi dugu. Horretarako, gure esku-hartzea egokitu dugu. Orain, telefonoa, e-posta, bideo-deiak eta Skype dira gertu egoteko moduak.
Krisia baino lehen ere lan egiten genuen familia eta pertsonei arreta ematen jarraitzen dugu. Guztira, 80 prozesu inguru ditugu martxan. Horietatik 55 banakako esku-hartzeak dira, eta beste 25 kasuak haur eta familiei ematen zaizkien arreta-zerbitzuak.
Kasu batzuetan, prozesu terapeutiko gisa jarraitzen dugu lanean, baina, une honetan, laguntza psikologiko beharrik handiena krisi-egoeraren ondoriozkoa da. Irizpide argi eta errazak ematen ari gara, harremana mantentzen ari gara; lasaitasuna, animoa, segurtasuna eta itxaropena ematen. Gure esku-hartze telematikoarekin batera, gidak, audioak, bideoak eta bestelako materialak lantzen ari gara, beste arlo batzuekin batera.
Gure proiektua MAI ereduaren barruan kokatzen da (Arreta Integralaren Eredua, “Modelo de Atención Integral”). Pertsonen oinarrizko beharrizan psikologiko eta emozionalei arreta ematen diegu eta oinarrizko beharrizanak estalita dauden ala ez behatzen dugu. Ez badaude, Caritaseko edo sareko beste eragile batzuekin koordinatzen gara, eta horrek sufrimendu emozionala eta gizarte babesgabetasunaren berezko beste aspektu batzuk arintzen laguntzen digu. Horrela, etxe batzuetara eskola materiala, liburuak eta material informatikoa helaraztea lortu dugu; gestio administratibo urgenteak bizkortu dira, hala nola adingabe baten eskolaratzea, erroldatzea, osasun txartelaren tramitazioa, laguntza ekonomikoak eta janari-txartelak, eta abar. Jarduera horiek ez dira psikologikoak, berez, baina sufrimendua arintzen eta segurtasuna indartzen laguntzen dute. Gainera, itxaropena ematen dute, eta krisi honetan laguntza jasotzearen sentsazio hori, gertutasun hori.
Alarma eta konfinamendu egoeratik, boluntarioekiko kolaborazioa estutu egin da. Boluntario asko ari dira telefono bidez laguntza emozionala ematen aurretik ere harremana mantentzen zuten pertsonei. Pertsona eta familien osasun mentalaren zaintzaile dira haiek ere. Egoera konplexu baten barruan egon daitezkeen arazo emozional larriagoen susmoa hartzen denean, erreferentziazko laguntzailearen bidez, zerbitzu psikologikoaren arretara bideratu daiteke. Beste batzuetan, zuzenean pertsonarekin jartzen gara harremanetan diagnostiko bat egiteko, eta, gerora, boluntarioaren eta psikologoaren artean etorkizunera begirako arreta eta jarraipena adosten ditugu.
Gainera, langile eta boluntarioei eskaintza zabala egin diegu egungo krisiaren ondoriozko edozein egoera pertsonal kontsultatu nahi badute. Kasu hauetan, beste erakunde kolaboratzaile batzuetara deribatu edo bideratu daitezke kasuak.
Laburbilduz, uste dut Caritasen egiten ari garen lana aurreko esperientzien –beste krisi batzuk, emergentzia eta hondamendi egoerak- eta ekintza txiki eta koordinatu askoren emaitza dela. Maitasunez eginak, elkartasunezko sare sozial baten emaitza.
Krisi hau pasako da, gaurko eguna bihar iragana izango da, eta Albert Einsteinek esaten zuen moduan, “krisia gainditzen duenak, bere burua gainditzen du”.
#alkartaunabetizabalik
Itxaso Oyarzabal
Zerbitzu psikologikoaren arduraduna
Caritas Bizkaia