Kategoriak
#alkartasunabetizabalik

Krisi honek berdin eragin al digu denoi?

Pertsona babesgabeenen egunerokotasuna

Bizi dugun egoera ezohiko honen ondorioak ezagunak dira dagoeneko: birusak ez du diskriminatzen, baina kolektibo babesgabeenei bereziki eragiten die. Denok ez ditugu baliabide berdinak krisi honen ondoriozko beharrizanei aurre egiteko. Batzuek eskubide berdinak ere ez dituzte.

Caritas Bizkaiak 12.531 pertsonari eman zien arreta pasa den urtean. Horietatik 7.341 atzerritarrak ziren, hau da, kopuru osoaren % 58,5. Zenbaki horrek ez du kolektibo anitz hau guztiz ordezkatzen, izan ere, gure bide-laguntza egoera babesgabean dauden pertsonei dago eskainia; baina atzerritarrei beren migrazio proiektua baldintzatzen duen legeria espezifiko bat aplikatzen zaie. Eta, orain, inoiz baino gehiago, berezitasun hori ondorio negatiboak izaten ari da.

Imajinatzen duzu zure lan eta egoitza baimena lortu ezin izana, Atzerritartasun Legearen baldintzak betetzen ez dituzulako, eta zure laguntza behar duen pertsona nagusi bat zaintzera eta erosketak egitera irten behar duzula? Supermerkatura edo lanera joateko irten, eta poliziak baino ez dituzu ikusten kalean. Konfinamenduaren arauak ez betetzeagatik kontuak eskatuko dizkizuten beldur zara, baina, gainera, dokumentazioa eskatuko dizuten beldurra ere hor dago. Egoera irregularrean egoteagatik zigor-prozedura bat has dezakete zure aurka, eta kaleratzearen mehatxua sentitzen duzu beti, ziurgabetasunez betetako garai hauetan.

Eta zure seme-alaben heziketa? Beste familia batekin partekatzen duzue etxebizitza, gastuei aurre egin ahal izateko, eta ez daukazue lekurik hainbeste jenderentzako. Familiaren ekonomiak ezin dio aurre egin Internet ordaintzeko gastuari, eta arrakala digitalak kezka nagusi bat dakarkizu zuri: zure seme-alabak atzean geratuko dira ikasketa-prozesuan, eta baliteke hilabete hauetan egindako ahalegina nahikoa ez izatea online eskolekin jarraitzeko baliabideak izan dituztenen mailara heltzeko. Zure seme-alabentzako etorkizun hobe baten bila etorri zinen hona, eta pobreziaren belaunaldi arteko transmisioa eteteko funtsezkoa da heziketa.

Zure kasuan, lana galtzea ez da soilik familia mantentzeko diru-sarrerarik gabe geratzea; egoera administratibo irregular batera itzultzea da. Baliteke egoitza eta lan baimena berriztatu ezin izatea, eta baimenik gabe askoz zailagoa izango da etorkizunean lan duin bat aurkitzea. Gainera, alarma egoeran estatu mailan neurri zehatz batzuk onartu direla entzun duzu, alokairurako, etxeko zerbitzu eta nekazaritza sektorerako, adibidez, baina egoera erregularrean dauden migratzaileentzako soilik direla konturatu zara.

Eta pentsatu duzu zer izango litzatekeen konfinamendua bakarrik bizitzea, zure senideengandik milaka kilometrora? Hasieran zugatik zeuden kezkatuta, komunikabideen eta sare sozialen bidez jasotzen zituzten berriak ez zirelako onak, baina orain zu zara beldur, zure jatorriko herrialdeko sistemak jendearen osasuna bermatu ezin izango duelakoan. Antsietatea, estresa edo depresioa agertzen dira egoera hauetan.

Birus honek biziaren hauskortasuna erakutsi digu, baina bizi guztien hauskortasun-maila ez da berdina, eta erantzuna unibertsala izan behar da. Ez  dago “haiek” eta “gu”; geure burua zaindu behar dugu ondokoak zaintzeko, denon ongizatea gure bizirautearen mende baitago.

#alkartasunabetizabalik

Susana Cuesta

Nazioarteko Lankidetza eta Migrazio arloko arduraduna

Caritas Bizkaia