Alarma egoerak bizitza aldatu digu
Ez gara etxetik irteten; ez gaude irakasleekin, kideekin, lagunekin, boluntarioekin. Etxea gure mundu osoa da orain. Gure aisialdi, eskolaz kanpoko jarduera eta abarrak eten egin dira. Orain etxeko gelak ikasgela, gimnasio, ludoteka, joko-areto, zinema eta liburutegi bihurtu dira. Teknologiek kontaktu bisuala errazten digute, aurrez aurreko bisiten ordez bisita birtualak egiten ari gara, eta hainbat baliabide digital erabiltzen ikasten ari gara.
Baina elkartasuna bidea egiten ari da. Ikastetxe batzuk ezohiko laguntza ematen ari dira, ikasle batzuei ordenagailuak emanez. Irakasleak ahalegin guztiak egiten ari dira haur guztiek ikasturtearekin jarraitu ahal izateko, ahalik eta modurik onenean. Etxeko langileek beren ordenagailuak eskaini dituzte egitekoak burutu ahal izateko. Ikasleak elkarri laguntzen ari dira. Boluntarioak telefonoz jartzen dira harremanetan eta badago telebista eskaini digun auzokide bat ere: “Zuek asko zarete, nik telebista bat utzi ahal dizuet”. Herri osoa batu da elkartasun sarera, eta etxean egindako maskarak eman dizkigute.
Langileek beren lana egokitu behar izan dute; bat-batean, irakasle, terapeuta, animatzaile soziokultural bihurtu dira; zumba, pilates, eta yogako monitore lana egiten dute. Senideen, boluntarioen, koordinatzailearen eta terapeuten deiak kudeatzen dituzte, osasun gestioak burutzen dituzte, Ertzaintzarekin harremana mantentzen dute beharrezkoa izatekotan…
Eguneko errutinak hasteko, gure hiru txikiak bederatziak laurden gutxitan hasten dira dantzan, egunari heltzeko gogoz. Gainerakoek laguntza behar dute. Gelaz gela goaz: “tok, tok. Egun onnnnn”. Bezperan jarritako gosariko mahaira agertzen dira denak. Aurreko eguneko gertaerak komentatzen ditugu, egunaren planifikazioa egin… baten bat purrustaka egoten da, eta denon artean animatzen eta motibatzen saiatzen gara. Umorea ez galtzea garrantzitsua da.
Ondoren, tenperaturak hartu eta erregistroa egiten dugu. Eskuetan covid-19 “bitxoa” marrazten dugu, sentsibilizatu eta eskuak garbitzeko lana kontrolatzeko asmoz.
Norberaren garbiketak egin eta gelak txukundu ostean, bi lan-talde egiten dira: haur hezkuntza eta lehen hezkuntzakoak eremu berean daude eta ordenagailua partekatzen dute. Gainerakoek beren geletan egiten dute lan. Ordu batean jolastordua, talde osoa elkarrekin. Teknologia arlo guztietara hedatu da, baina tarte horretan jolas tradizionalak sustatu nahi ditugu: soka-saltoa, pilota, trebetasun jolasak… jolas parte-hartzaileak, inklusiboak, adin mugarik gabe. Horrela, entretenitzeaz gain, errespetua, lankidetza, arauak betetzea eta partaidetza sentimendua lantzen ditugu. Une horretan zoriontsu sentitzen gara konpainiaz gozatzeko espazio libre bat izateagatik.
Bazkalostean, Covid-19 birusaren ondorioei buruzko informazioa ematen dugu; kezkak eta galderak sortzen dira. Arratsaldez denbora librea dute eta bakoitzak bere jarduera aukeratzen du; telebista ikusten dute, mahai-jokoetan jolastu, telefono mugikorrarekin… arratsalde erdian planteatutako erronka edo jarduerei ekiten zaie berriz. Batzuetan grabaketak edo bideo-muntaketak egiten dira. Zortzietan eskerrak emateko ordua da.
Ekintza horiek guztiak egunero-egunero errepikatzen dira gure gazteak modu osasungarrian garatu daitezen. Horrela, ahalik eta aukera gehien izango dituzte eskura.
Egun batzuk beste batzuk baino zailagoak dira, baina alaitasuna eta adiskidetasuna mantentzen dira taldean. Langileek atean uzten dituzte beren egoera pertsonalak eta borondate osoa jartzen dute alaitasun eta erosotasun guneak sortzeko, betiere, elkarbizitzaren mugak errespetaraziz. Egoera berri honek aukera bat eman digu eta indarberrituta irtengo gara. Ideia horrek adorea ematen digu taldekide guztioi, eta inoiz baino gehiago sentitzen dugu etxe hau gurea ere badela.
Olga Latorre
Etxeko koordinatzailea
Caritas Bizkaia- Eguzkilore Fundazioa