Bihotza handi, indartsu eta eskuzabal mantentzeko errutinak.
Konfinamendua hasi aurreko egunean, senide batzuk amaren urtebetetzea ospatzeko elkartu ginen. Ez genion elkarri musurik eman, baina mahai baten bueltan eserita egon ginen denok.
Ordutik dena aldatu da: bakoitza bere etxera sartu ginen, eta, nire kasuan, egun gutxi batzuetan bakarrik geratu nintzen. Bakardadea arintzeko modu batzuk aurkitu ditut etxean: bideo-konferentziak, deiak, Whatsapp mezuak… jendearekin harremana mantentzen jarraitzeko moduak.
Gainera, aurreko etxeetako bizilagunekin ere harremana egiten ari gara. Egunero ikusten diegu aurpegia, oraindik hor daudela konprobatzen dugu, aurpegi ona duten… eta txaloen ostean elkar agurtzen dugu. Gure auzokideak.
Nik jende askoren falta somatzen dut: Caritaseko proiektuetara bertaratzen zen jendearena, esaterako. Askotan gogoratzen naiz haiekin. Etxetik konektatzen diren famatuak eta egongela eta terrazetan kanta eta dantza egiten duten anonimoak telebistan ikusten ditudanean. Pentsatzen dut nola egongo ote diren ikusten ez ditudan familia horiek, etxe partekatuetan bizi direnak, orain euritakoak saltzera irten ezin diren mutilak… horiek ez ditut ikusten, baina gogoan ditut.
Eta zorte handia daukat: egunero jasotzen dut Caritasen itxaropen mezua, eta ia egunero jasotzen dut Caritas Bizkaia egiten ari denaren berri, “Alkartasuna beti zabalik” kanpaina martxan jarri zenetik. Pertsonen bide-laguntza bideratzeko arintasuna, ahalegin ekonomiko eta pertsonala… horrek guztiak Caritaseko kide izateaz harro sentiarazten nau, eta nire kezka arindu egiten du. Badakit hor gaudela eta hor egongo garela, berritzen, birpentsatzen, baina, batez ere, beharrizan handiena duten pertsonen ondoan.
Nik “Guztion Artean” ekimenean parte hartzen dut, beste askorekin batera, konfinamendu egoeran erosketak eta gestioak egiteko zailtasunak izaten ari diren pertsonei laguntzeko. Bakarrik dauden pertsonei konpainia egiten, haiekin hitz egiten. Jende askok bizi du bakardadea.
Nire ustez, egoera hau erronka handi bat da: pertsona askoren babesgabetasun egoeraz kontzienteago izan behar dugu, eta pertsona horiek ikusarazi behar ditugu. Etxeko bakardadea ez dadila izan geure zilborrari begira egoteko, baizik eta une hauetan ikusi edo entzun ezin ditugun horiengana gerturatzeko.
Marta Ferrer
III. Bikaritzako Boluntario eta Kontseilaria
Caritas Bizkaia