Osasun krisiaren inguruan asko hitz egin da, beraz, ezer gutxi gainerako dezakegu. Idatzi da, komentatu da, bideoan grabatu da, egoerak GIF bihurtu dira, WhatsApp taldeetan milaka mezu ibili dira…
Krisiaren analista bihurtu gara, eta horrek beste krisi batzuk utzi ditu agerian (agian ez hain aztertuak). Behin eta berriz errepikatu den ideia bat da birus honek ez dituela bereizten ez mugak, ez klase sozialak, ez azalaren kolorea, ez sexua… gazte zein helduak kutsatu daitezke (azken horientzat arriskutsuagoa izan arren).
Baina agerian geratu dira lehendik zeuden desberdintasun egoerak. Konfinamenduak ez digu denoi berdin eragin. Eta gertu dugun krisiak ere ez du egingo. Goiz da oraindik jakiteko zein mekanismo solidario jarriko ditugun martxan, zein ekintza burutuko ditugun babesgabeenei laguntzeko. Ez gaude guztiz ziur zein ahultasun eta beharrizan sortuko diren, baina justiziaren alde lan eginez metatutako esperientziak esaten digu ez dagoela errezeta ez konponbide unibertsalik. Orain, inoiz baino gehiago, errealitate bakoitzari, pertsona bakoitzari aplikatutako begirada behar dugu, baina testuinguru eta inguru bakoitza ere kontuan hartu behar dira.

Hiri/landa-eremu ardatza ezbaian dago. Landa-eremua ez da denontzat leku berean hasi edo amaitzen. Denok ditugu esperientzia desberdinak eta topiko batzuk irudikatzen ditugu. Batzuentzat, landa-eremua bizi-kalitatearekin lotuta doa; beste batzuentzat, ez da leku desiragarri; aukerarik gabekoa, aspergarria eta oso tradizionala delako. Biztanle kopuruarekin erlazionatutako irizpideez, zahartzeaz eta despopulazioaz harago, espazioaren nozioa subjektiboa da eta baloratu egin daiteke, positiboki zein negatiboki.
Errealitate konplexu eta aldakor honek urteetan erabilgarri izan zaigun binomio bat zalantzan jarri du, eta orain komeni zaigu hori errebisatzea. Alde txikiak daude kontsumo ohitura, aspirazio eta espektatibei dagokienez hiri bateko edo herri txiki bateko pertsonen artean. Herrietan jende gutxi bizi da dagoeneko lehenengo sektoretik. Teknologia berriei esker, Aulestiko gaztetxo batek Bilboko baten erreferente kultural berberak izan ditzake; jende asko mugitzen da egunero hirira lanera edo ikastera… orduan, zein da elementu bereizgarria? Zer aukera eskaintzen ditu landa-eremuak pertsona babesgabeenen inklusioa gauzatzeko?
Eskala garrantzitsua da. Gutxiago bagara, hobeto ezagutu dezakegu elkar. Bakarrik bizi den emakumeari aurpegia jartzen badiogu, kaletik agurtzen badugu, keinu horrek konplizitatea sortzen du. Gure auzokoa zein herrialdetatik etorri den badakigu, errazagoa izango zaigu konexioak aurkitzea. Guraso eta seme-alabak euria ari duenean non elkartzen diren badakigu, ikus dezakegu nola erlazionatzen diren, eta zein beharrizan dituzten asma dezakegu. Arreta jartzen badugu, ikuspegia zabaltzen badugu, gehien sufritzen duten pertsonentzako erantzunak aurkituko ditugu gure komunitateetan.
Caritaseko boluntarioek urteak daramatzate erakusten txikitasunean dagoela gakoetako bat. Caritaseko harrera zerbitzuan, alfabetatze tailer batean hasten diren harremanak, askotan, eraldatu, finkatu eta aberastu egiten dira. Egunerokotasunean esanahia hartzen dute, bi pertsona horiek kaletik gurutzatzen direnean, beren izenez elkar agurtzen dutenean, euskaraz hitz egiten dutenean, irribarre egiten dutenean. Proiektuen oinarrian nortasuna sortzen duten elementuak daude: itsasoa, lurra, hizkuntza…
Boluntarioek herria ezagutzen dute: auzokideak, ingurua, bideak, abizenak, baserrien izenak, garai batean bizimodua egitera kanpora joandakoen izenak, asmo horrekin berarekin hona etorritakoenak… errealitatearen analisia egiten dute eta pertsonen neurrira egindako konponbideak bilatzen dituzte, erantzun unibertsalen neurrira egindako pertsonak bilatu beharrean.
Xumetasuna, autonomia, konpromisoa eta ilusioa. Horiek dira Caritasek herrietan bultzatzen dituen proiektuen ezaugarrietako batzuk. Ez dira soilik landa-eremuaren ezaugarriak, baina baliteke leku horietan, eskala txikiak zentzu handiagoa ematea.
Jarrai dezagun herri solidario eta bidezkoagoak eraikitzen.
#alkartasunabetizabalik
Alicia Suso
IV eta V Bikaritzetako laguntzailea
Caritas Bizkaia