Caritasen Enplegu eta Ekonomia Solidarioaren arloko Enplegurako Prestakuntza Proiektuak berriz ekin die espezialitate soziosanitarioko prestakuntza ekintzei, Covid-19 birusaren krisiaren ondorioz bertan behera geratu ostean.
Laneratzea funtsezko elementua da pertsonen gizarteratze-prozesuan. Lanik gabe, pobrezia eta gizarte-bazterkeria arriskua handitu egiten da. Prestakuntza falta izaten da pertsonek lanik ez aurkitzeko arrazoi nagusietako bat. Hori dela eta, Caritasek apustu irmo bat egin nahi izan du pertsonei, batez ere babesgabeenei, enplegu bat lortu ahal izateko prestakuntza emateko. Enplegurako Prestakuntza Proiektuaren helburua zera da: lanik ez duten edo azpienplegua duten pertsonei Lanbidek egiaztatutako prestakuntzaren bat ematea, lan baldintza duinetan egitekoak burutu ahal izateko.
Martxoan, osasun-agintariek EAEko prestakuntza zentro guztietan aurrez aurreko irakaskuntza jarduerak eteteko eskatu zutenean, Proiektua bete-betean ari zen lanean. Asteak aurrera joan ahala, alarma egoera luzatuz doala ikusita, eta, aldi berean, egoitzetan langile soziosanitario gehiagoren beharra dutela, ikastaro zehatz batzuei berriz ekitea erabaki dugu, hain zuzen ere, Gizarte Erakundeetan Mendekotasuna duten Pertsonei Arreta Soziosanitarioa emateko Profesionaltasun Ziurtagiria lortzeko ikastaroak.
Ikasle eta irakasleekin eskolei berriz ekiteko ideia kontrastatu genuen, eta jendea prest agertu da une honetan jarduera horiek burutu daitezkeen modu bakarrean egiteko, hau da, urrunetik. Hori eginda, bigarren pauso bat eman beharra egon da: ikasleek teknologia berrien inguruan duten maila eta etxean duten baliabide mailaren araberako proposamen metodologiko bat egitea. Hau da, prestakuntza edukiak behar den moduan bereganatu ahal izateko moduko proposamen bat egitea. Erronka handia lan-taldearentzat, izan ere, ikasleen arteko arrakala digitala desberdintasun faktore handi bihurtu da. Ikasle eta irakasleekin batera denontzako aproposa izango den metodologia bat adostuta, apirilaren 20an ekingo zaie prestakuntza jarduerei.
Eskerrak eman nahi dizkiogu Lanbideri, eskolak berriz hasteko eskainitako erraztasun eta laguntzagatik. Irakasleei ere eskerrak eman nahi dizkiegu, baliabide teknologiko oinarrizkoekin asko egingo dutelako; eta, noski, ikasleei; izan ere, haien arteko elkartasunari eta aurrera egiteko gogoari eutsiz, oztopoak gainditu daitezkeela erakusten ari dira.
#alkartasunabetizabalik
Anabel Martín.
Enplegurako Prestakuntza Proiektuaren Arduraduna
Caritas Bizkaia