Kategoriak
#alkartasunabetizabalik

Ekologia soziala eta konpromiso naturala

Duela gutxi (edo ez hain gutxi) alarma egoeraren berri eman zenean, Biozakin udaberri-uda sasoiko soroaren une erabakigarri batean geunden. Hainbat familiako milaka landare genituen, landatzeko forma desberdinetan; etxez etxeko banaketa zerbitzuan gero eta eskaera gehiago jasotzen ari ginen, baita dendetarako ere, eta bagenekien horrek guztiak ahalegin handia eskatuko zigula: egiteko asko automatizatzea, denbora kudeatzea, estresa, koordinatzeko zailtasunak… gainera, ordura arte izandako lan aurreko tailerraren jarduera eten behar izan zen, eta horrek erraztu egiten zituen lanak, bereziki landatze, ereite eta bilketa lanak.

Horregatik, lehenengo asteko egokitzapen eta kokatze fasearen ostean, eguneroko lanari lasaitasunez ekiten saiatu ginen; izan ere, ohartu ginen egoera horretan ezin genituela gure ohiko espektatibak bete. Lanaldi luzeak izan ziren, goizetik gauera, askotan; opor eta librantza egunak atzeratu egin genituen ekoizpen eta merkaturatze lanei nolabait erantzun ahal izateko. Nahi gabe, kideen artean lelo bat nagusitzen joan zen, Ibarrako Jose Maria Garmendiak (Txamo) Ekuadorreko arratsaldeko bilera haietan beti erabiltzen duena: “lehenestea eta partekatzea”. Adiskidetasuna sendotuz joan zen, otzarak eramaten genizkien pertsonak zaintzeko landareak zaintzearen ardura barneratuta, eta, aldi berean, eguneroko eskakizunak bete ahal izango ote genituen ziurgabetasunarekin.

Baina bizitza argi-ilunez osatzen da, eta horietan lortzen da esperientzia eta jakintza. Bitartean, lurra are gehiago maitatzen ikasi dugu, jakin baitakigu bertatik gatozela eta bertara itzultzen garela egoera guztietan, gure kasuan, laborantza natural eta ekologikoaren bidez, gure bezeroen etxeetara Ama Naturaren argia eramateko. Gure bezero eta lankideak zaintzeko ardura hori ezinbesteko pizgarria izan da guretzako, elkarri laguntzeko. Bakoitzari bere otzara eramatean trukatutako hitzen gertutasuna energia-dosi handia da. Gure otzaretako bakoitza otzara soil bat baino askoz gehiago da, ematen duenaren eta jasotzen duenaren konpromisoa bat eginda daudenean.

Egunak arin joan ziren, eta, azkenean, berri onak: lankide berri baten kontratazioa, beldurrak eta nekeak baretzeko, eta proiektu honekin jarraitzeko gogo eta energiak biderkatzeko. Orain badakigu presa ez dela bidaide ona, baina honek irakatsi digu erresilientzia zer den, edo, Jose Maria Garmendia aitak esaten zuen bezala, “lehenestea eta partekatzea”.

#alkartasunabetizabalik

Asier Odriozola Cuesta.

Merkaturatzea eta ekoizpena.

Biozaki.