Edadetuen proiektuak egokitu egin dira: konfinamendu garaian ere bide-laguntza ematen dugu.
Duela aste batzuk arte, Caritaseko 300 boluntario inguru 400 edadetu ingururekin elkartzen ziren beren auzo eta herrietan. Planak askotarikoak ziren: etxean edo egoitzan solasean aritu, paseo bat eman edo kafea hartu, kartetan jolastu, parrokiaren lokalean beste pertsona batzuekin jardueraren bat egin… balio handiko gauza txikiak dira. Maite, entzun, eta baloratu egiten gaituztela sentitzeko balio dute, ilusioa mantentzeko eta konektatuta egoteko balio dute, eta, batez ere, lotura mantentzeko. Edadetuen bakardade sentimendua arintzen saiatzen gara bide-laguntzaren bidez, eta harreman sakon eta berezia sortzen da. Azkenean, ez daukazu hain argi zeinek laguntzen dion zeini.
Baina birus arriskutsu bat agertu zen, eta kezka handia sortu zuen. Egoitzetako bisitak murriztu ziren, lokalak itxi, eta, azkenik, etxeetan konfinatuta geratu behar izan dugu. Zientzia fikziozko film batean gaudela dirudi, XX. Mendeko gerrak eta bestelako zailtasunak bizi izan dituztenak ere harrituta daude. Ziurgabetasun une hauetan, denok daukagu gure sentimenduak partekatzeko beharra, bizi dugunari eta bestelako kontu batzuei buruz hitz egiteko beharra. Gainera, elkarrekin egon ezin dugunez, beharra handiagoa da, eta edadetuen proiektuak egokitu egin dira, “gertu” egoten jarraitzeko.