Kategoriak
#alkartasunabetizabalik

“Nola eutsi bizitza eta itxaropenari ”

Elkartasuna beti dago zabalik, baina blog honek geldialdi txiki bat  egingo du, momentuz, azken asteotako intentsitatearen ondoren. Errealitateak proba gogorra jarri digu maila pertsonalean, erakunde eta gizarte moduan. Proba horren oinarrian dagoen ikasgaiaren balioak lantzen aritu gara gu kristau komunitatean, urte askotan: “Bizi eta itxaropenari berdintasun eta justiziaz eustea”. Gure lehentasunak ebaluatu dira, gure erantzuteko gaitasuna baloratu da, eta gure beldurrei aurre egiteko gaitasuna kontuan hartu da. Egokitzeko talentua eta sormena ere garrantzitsuak izan dira.

Azterketa honetan gure bizitzaren zentzuaren inguruko galderak planteatu zaizkigu, eta espiritualtasunaren balio sakona ikusarazi da. Gizartea zaintza-lanetan zentratu da, eta horrek erakutsi digu isolamendua, bakardadea, sufrimendua eta heriotzari aurre egiteko erresistentzia badugula.

Kategoriak
#alkartasunabetizabalik

Sarean: Gehiago eta hobeto

Bizi-Bete proiektuen esperientzia pandemia garaian.

Bizitzen ari garen egoera honen ondorioz, hainbat jokabide, egoera eta ekintza aldatu behar izan dira. Edadetuei bide-laguntza emateko proiektuetan, boluntarioak edadetuekin elkartzen ziren. Metodologia hori egoera berrira moldatu behar izan zen, gure helburua mantentzen jarraitzeko: Bide-laguntza eman, partekatu eta beharrizanei erantzuna ematea.

Zehazki, BIZI BETE proiektuetan (Irala, Zazpi Kaleak eta Basauri) aurrez aurreko topaketak egiten ziren gure lokaletan, baina alarma egoera indarrean jartzearekin batera, gure ateak itxi behar izan genituen. Ezinezkoa izango zen aurrez aurre elkar ikustea, baina zerbait egin behar genuen gure arteko harremana mantentzeko, ereindako lotura hori elikatzen jarraitzeko. Birusak ezin zigun hori ere kendu. Beraz, boluntario taldeko kideok formula berriak aztertzen hasi ginen.

Kategoriak
#alkartasunabetizabalik

Sasoi berriak, baina beti bezain gertu

Covid-19ak eragindako aldaketa teknologikoak gurekin geratuko dira

Osasun krisi honen ondorioz, pertsonei laguntza emateko moduak berrantolatu behar izan ditugu. Alarma egoeraren baitan hartutako neurri berriek gure bide-laguntza emateko moduari eragin diote, ezin izan baitugu betiko moduan aurrez aurreko arreta eman.

Baina ez dugu atzera egin, ez gara kokildu. Teknologia berriak gure ekintzaren parte bihurtu dira, eta lana erraztu digute.

Kategoriak
#alkartasunabetizabalik

E-INKLUSIOA

Alfabetatze teknologikoarekin daukagun erantzukizuna.

Azkenaldian esaten genuen, baina osasun krisiarekin argiago geratu da: Arrakala digitalak mugatu egin ditu jendearen beharrizanak. Interneterako sarbiderik ez izatea desberdintasun sozialaren beste ezaugarri bat da. Ezagutzen ditugu betiko arazoak: zailtasun ekonomikoak, etxebizitza arlokoak, elikadura arlokoak, isolamendua, hizkuntza ez ezagutzea, kualifikazio baxua izatea, lana aurkitu edo mantentzeko zailtasunak, komunitatearen onarpena ez izatea… baina, orain, gabezia teknologikoa ere bazterkeria arrisku bat da.

Konfinamendua pantaila eta wifiarekin bizi izan dugu. Kasu askotan, gure jarduera akademiko eta profesionalarekin aurrera jarraitzen lagundu digu, baita ingurukoekin harremanetan jarraitzen ere. Baina etxe guztietan ez dute aukera hori izan; zailtasun handiak sortu dira, sarerik ez edukitzeagatik, edo erabiltzen ez jakiteagatik. Hau are argiago ikusi da 65 urtetik gorako pertsonen artean eta baliabiderik gabeko familietako adingabeen artean; izan ere, arrakala teknologikoak isolamendu modu berri batean kokatu ditu edadetuak, eta adingabeentzat bereziki zaila izan da ikastetxeetan online egin behar izan diren proposamenei jarraitzea. Landa eremuetan ere oztopo elektroniko hori sufritu dute, hiriguneetan baino gehiago.

Kategoriak
#alkartasunabetizabalik

Eskala garrantzitsua da

Osasun krisiaren inguruan asko hitz egin da, beraz, ezer gutxi gainerako dezakegu. Idatzi da, komentatu da, bideoan grabatu da, egoerak GIF bihurtu dira, WhatsApp taldeetan milaka mezu ibili dira…

Krisiaren analista bihurtu gara, eta horrek beste krisi batzuk utzi ditu agerian (agian ez hain aztertuak). Behin eta berriz errepikatu den ideia bat da birus honek ez dituela bereizten ez mugak, ez klase sozialak, ez azalaren kolorea, ez sexua… gazte zein helduak kutsatu daitezke (azken horientzat arriskutsuagoa izan arren).

Baina agerian geratu dira lehendik zeuden desberdintasun egoerak. Konfinamenduak ez digu denoi berdin eragin. Eta gertu dugun krisiak ere ez du egingo. Goiz da oraindik jakiteko zein mekanismo solidario jarriko ditugun martxan, zein ekintza burutuko ditugun babesgabeenei laguntzeko. Ez gaude guztiz ziur zein ahultasun eta beharrizan sortuko diren, baina justiziaren alde lan eginez metatutako esperientziak esaten digu ez dagoela errezeta ez konponbide unibertsalik. Orain, inoiz baino gehiago, errealitate bakoitzari, pertsona bakoitzari aplikatutako begirada behar dugu, baina testuinguru eta inguru bakoitza ere kontuan hartu behar dira.