Osasun krisi honetan, pertsona batzuek ez daukate inolako laguntza-sarerik. Giltzako lan-taldea egunez egun egokitzen ari da sare hori izateko, inguruarekiko duten lotura izateko.
Covid-19 birusaren ondorioz bizi dugun osasun larrialdi honek denoi eragiten digu, baina etxerik gabeko pertsonengan izaten ari den ondorioak bereziki kezkagarriak dira.
Giltza-Apostolikak taldearen bidez, pertsona babesgabe horiei laguntzen jarraitzen dugu; izan ere, haientzat gaixotasunak arrisku are handiagoa dakar: bakarrik bizi dira, beste patologia batzuk dituzte, askok ez daukate bizi- eta higiene-baldintza egokirik… Une honetan, prebentzio mailan ari gara lanean. Zailtasun ugari dituzte konfinamendu egoeran errutinak eta elikadura ohiturak mantentzeko, eta osasun agintarien jarraibideak betetzeko. Gainera, pertsonen arteko harremanen garrantzia ere hor dago. Gehienok badugu norbait telefonoz deitzeko, eta telefonoz deituko gaituena, zer moduz gauden galdetzeko.
Egoera berri honetara egokituz, 35-40 pertsonarekin ari gara telefono bidezko harremana mantentzen. Gainera, horietako batzuk bizi diren etxeetara bisitak egiten ari gara. Etxe desberdinetara bisita egiteko ibilbideak ezarri ditugu. Barakaldo, Lamiako, Larrondo, Astrabudua eta Bilbora mugitzen ari gara, Txurdinaga, Otxarkoaga, Arangoiti eta Peñaskal auzoetara.
Gure bisita edo deia jasotzen duten pertsonak oso eskertuta daude. Elkarrekin, bide zail hau errazagoa izaten ari da.
Koronabirusaren garaian, sormena oso garrantzitsua izaten ari da. Talde osoa bideo-konferentzia bidez biltzen da, eta batzordeen bidez lan egiten du: osasuna, aisialdia, eguneroko jarduerak eta boluntariotza. Horrela, jarduerak antolatzen ditugu eta arreta ematen diegun pertsonekin partekatzen ditugu, WhatsApp bidez edo aurrez aurre, bisitetan.
Lan egiteko beste modu batzuk ikasten ari gara, egunez egun gure metodoak eraldatzen, egoera berrietara egokitzeko.
Estibaliz Otalora Ariño
Giltza-Apostolikak Zerbitzuaren arduraduna
Caritas Bizkaia
#alkartasunabetizabalik