Kategoriak
#alkartasunabetizabalik

Pandemia sasoian elkarri entzutea

Eta orain, zer?

Astean behin edo hamabostean behin ikusten genuen elkar Caritasen entzute-zerbitzuan. Ordubete geneuken elkarrekin egoteko, intimitaterako, barrena husteko.

Eta pandemia heldu zen. Eta orain, zer? Hau guztia amaitu arte agur esango diogu elkarri? Beren aurpegiei begiratu, eta haien hitzak nituen gogoan: Antsietatea, nekea, tristura… batzuetan malkoak eta beste batzuetan irribarreak; minez, beldurrez, ziurgabetasunez jositako istorioak.

Pertsona batzuk hasi berriak ziren eta ia ez genuen elkar ezagutzen; beste batzuekin hainbat topaketa genituen eginda. Bizitzari aurrez aurre begiratzeko ausardia duten pertsonak dira, bizitza eskuetan hartu eta emozio eta egoerak ahal bezala kudeatzen dituztenak.

Orain telefonoa daukagu harremanetan jarraitzeko. Pandemiak elkarrengandik urrundu gaitu fisikoki, baina ez bihotzez. Jatorrizko arazoei egoera honen berezko batzuk gehitu zaizkie: Elkarbizitzarako espazio txikiak, irten ezinik, lan falta, arazo ekonomikoak eta antsietatea. Antsietatea ez da bidaide ona; gehiago sufriarazten digu.

Telefonoari esker, entzun eta partekatu ahal izan dugu. Ez da gauza bera bertan egotea, baina behintzat gertu mantentzen lagundu digu, entzuten jarraitu eta animoak emateko. Elkarren ondoan egon gara eta deskubritu dugu, edonola ere, Albert Camus idazle frantsesak arrazoi zuela hau esan zuenean:

Neguaren gordintasunean, ikasi nuen, azkenean,

Nire barruan uda garaiezin bat dagoela”.

#alkartasunabetizabalik

Charo Abaitua Arana.

Altzagako entzute-zentroko boluntarioa.

Caritas Bizkaia

Kategoriak
#alkartasunabetizabalik

Krisi honek berdin eragin al digu denoi?

Pertsona babesgabeenen egunerokotasuna

Bizi dugun egoera ezohiko honen ondorioak ezagunak dira dagoeneko: birusak ez du diskriminatzen, baina kolektibo babesgabeenei bereziki eragiten die. Denok ez ditugu baliabide berdinak krisi honen ondoriozko beharrizanei aurre egiteko. Batzuek eskubide berdinak ere ez dituzte.

Caritas Bizkaiak 12.531 pertsonari eman zien arreta pasa den urtean. Horietatik 7.341 atzerritarrak ziren, hau da, kopuru osoaren % 58,5. Zenbaki horrek ez du kolektibo anitz hau guztiz ordezkatzen, izan ere, gure bide-laguntza egoera babesgabean dauden pertsonei dago eskainia; baina atzerritarrei beren migrazio proiektua baldintzatzen duen legeria espezifiko bat aplikatzen zaie. Eta, orain, inoiz baino gehiago, berezitasun hori ondorio negatiboak izaten ari da.

Imajinatzen duzu zure lan eta egoitza baimena lortu ezin izana, Atzerritartasun Legearen baldintzak betetzen ez dituzulako, eta zure laguntza behar duen pertsona nagusi bat zaintzera eta erosketak egitera irten behar duzula? Supermerkatura edo lanera joateko irten, eta poliziak baino ez dituzu ikusten kalean. Konfinamenduaren arauak ez betetzeagatik kontuak eskatuko dizkizuten beldur zara, baina, gainera, dokumentazioa eskatuko dizuten beldurra ere hor dago. Egoera irregularrean egoteagatik zigor-prozedura bat has dezakete zure aurka, eta kaleratzearen mehatxua sentitzen duzu beti, ziurgabetasunez betetako garai hauetan.

Kategoriak
#alkartasunabetizabalik

Ekologia soziala eta konpromiso naturala

Duela gutxi (edo ez hain gutxi) alarma egoeraren berri eman zenean, Biozakin udaberri-uda sasoiko soroaren une erabakigarri batean geunden. Hainbat familiako milaka landare genituen, landatzeko forma desberdinetan; etxez etxeko banaketa zerbitzuan gero eta eskaera gehiago jasotzen ari ginen, baita dendetarako ere, eta bagenekien horrek guztiak ahalegin handia eskatuko zigula: egiteko asko automatizatzea, denbora kudeatzea, estresa, koordinatzeko zailtasunak… gainera, ordura arte izandako lan aurreko tailerraren jarduera eten behar izan zen, eta horrek erraztu egiten zituen lanak, bereziki landatze, ereite eta bilketa lanak.

Kategoriak
#alkartasunabetizabalik

Elkartasuna, itxaropenaren erregaia

Inoiz ez genuen imajinatuko talde moduan halako esperientzia gogorra bizi beharko genuenik. Baina itxaropena badugu!

Hemen gaude berriz Caritaseko kideok, prekarietate egoerak arindu nahian. Gizarteko kide guztiak gaude konfinatuta, eta denok gara uste genuena baino ahulagoak.

“Dejà vu” moduko baten sentsazioa daukagu: 2008ko krisi hartan bizi izan genituen emergentzia egoerak berriz sentitzen eta babesten ari gara. Egoera horietako asko itzuli dira Caritas Bizkaiara, laguntza eske.

Kristau komunitatea hor dago, gure oinarri nagusia da, baina gizartea anitza da, askotariko pertsona eta erakundez osatua, eta ohiko lankide ez diren arren, asko gerturatu zaizkigu 2008an bezala, zer behar dugun galdetzera.

Kategoriak
#alkartasunabetizabalik

Balkoiko hausnarketak

“Geratu etxean”. Hori izango da, seguru aski, azken asteetan gehien entzun dugun esaldia. Komunikabideetan entzun dugu, sare sozialetan ikusi dugu… eslogan eta meme askoren leloa izan da, eta birusari lehen lerroan aurre egiten egon diren pertsonen eskaera izan da. Denok geureganatu dugu esaldi hori, denon ardura izan dela sentitu dugu eta beste batzuek ongizate kolektiboaren alde egindako lanari balioa eman diogu. Enpatia inoiz baino presenteago egon da.

Etxeak ezinbesteko elementu bihurtu dira krisi honetan. Beti izan da aterpe eta babesleku, baina orain ez diogu arnasarik ematen. Gela bakoitzeko txoko bakoitza aprobetxatu dugu. Gimnasio, lantoki eta jolastoki bihurtu dugu. Etxeak ez du tarte librerik izan, lehen ikastetxera edo lanera joateko irteten ginenean bezala. Eta hori gutxi balitz, kaleko bizia balkoietara eraman dugu. Topaketa bertikalerako leku, protesta egin eta eskerrak emateko leku bihurtu dira. Lau hormen babes-gaitasuna harago joan da: ez ditu barrukoak bakarrik zaintzen; kanpokoak ere babesten ditu.