Une honetan horiek dira gure eguneroko bizimoduan entzuten diren hitzak. Koronabirusak mundua geldiarazi du eta etxean geratu behar dugu. Familian, العائلة, partekatzeko momentuak. Aspaldian ez genuen horrelakorik egiten, eguneroko errutina zoroetan harrapatuta. Orain 24 ordukoa da elkarbizitza, emozioak, sentimenduak eta bizitza partekatzeko unea.
Gandarias Etxean ere hala da. Bi urte daramatzagu familia eratzen, baina orain inoiz baino gehiago. Gure gorabeherekin, noski, baina egunez egun birus hau gainditzeko borrokan ari gara.
Ez da erraza izan errutinak markatzea, baina, azkenean, 18 eta 25 urte bitarteko gazte hauek ulertu dute zein garrantzitsua den etxean ere prozesu pertsonalak garatzen jarraitzea.
Egunero goizeko 10:00etan jaikitzen saiatzen gara. Garbiketekin hasten gara. Esan behar da konfinamendua hasi aurretik lan nekeza zela, baina orain gogoz egiten dute, eta norbait alferrago dabilenean, elkar animatu eta laguntza ematen dute, egiteko guztiak ondo burutzeko.
Garbiketen ostean, ikasketa-prozesua etenda duten horiek etxerako lanak egiten dituzte; baten batek autoeskolako testak egiten ditu, edo lehen denbora faltagatik egiten ez zuten zerbait, rap abestietarako esaldiak idatzi, esaterako.
Eta gero, askok irrikaz itxaroten dutena. Ogiaren bila joatea. Gogoan dut nagia ematen ziela ogi bila edo zarama botatzera jaistea. Orain korrika doaz, 5 minutuz bada ere aire freskoa hartzeagatik zoriontsu.
14:30ean denak mahaira. Denen artean mahaia jartzen dute, tresnak jaso, harrikoa egin… baina, batez ere, polita da bazkalosteko solasaldia. Barre egiten dute, pasadizoak kontatzen dituzte… konfinamenduaren aurretik ez zuten tarterik aurkitzen. Eguneroko egitekoek ez zuten aukera handirik uzten.
Gero, pelikula edo serieren bat ikusteko ordua da. Pelikulak familian ikusten ditugu, hori da onena: beldurrezko pelikulak, batez ere… eta nola egiten didaten barre beldurra sentitzen dudanean… baina zein polita den ikustea nola babesten nauten eta filma aldatzeko aukera ematen didaten, hobeto sentitzeko… horrelako jendea inguruan, nola ez naiz ba ausartuko beldurrezko filmak ikustera?
Bitartean, zigarrotxoren bat terrazan, egun hauetarako egokitu dugun espazioan. Eguzkiak egunak alaitzen dizkigu; egun euritsuetan ortzadarra ere ikusi dugu, eta gogorarazi digu dena ondo irtengo dela.
Azkenik, ezin ditugu ahaztu play partidak. Txapelketak ere egiten dituzte, eta haserrealdi txikiak egoten dira. Partxisean eta dama-jokoan aritzen gara. Zenbat denbora zen ez genuela horrelakoetan jokatzen? Barre egiten dugu. Argazkiak eta bideoak egiten ditugu une horiek ondo gogoratzeko, rapeatzen dugu… Gandarias Etxean artista ugari ditugu!
Eguna amaitzeko, afaria, osteko solasa, pelikula, eta ohera. Koronabirusari aurre egin diogun beste egun batengatik eskerrak emateko unea.
#DENOKARTEANLORTUKODUGU
#TODOIRABIEN
#ALKARTASUNABETIZABALIK
Elena Reifarth Alonso
Gandarias Etxeko gizarte-langilea
Caritas Bizkaia