Kategoriak
#alkartasunabetizabalik

Etxetik… lan duinaren alde

Maiatzaren lehena heldu da eta koronabirusaren mende gaude oraindik ere, mugimendu guztiak mugatuta. Hala ere, etxetik, giza duintasunaren araberako lanaren gainean hausnarketa egin, posizioak hartu, aldarrikatu, ospatu eta konpromisoak hartu behar ditugu.

Azken urteetan gure lanbideetan aldaketa garrantzitsuak izaten ari dira, eta gehiago helduko direla ematen du. Batzuetan robotizazioarekin dute zerikusia, beste batzuetan globalizazioarekin, komunikazio berri edo teknologia digitalekin. Eta, bat-batean, mundu mailako pandemia egoera batek ustekabean harrapatu gaitu. Konfinamenduak gure lan errealitatea irauli du. Orain arte ia ezezagunak ziren baliabideak ezarri behar izan ditugu etxetik lan egiteko. Osasun arloko langileen eta funtsezko funtzioak betetzen dituzten beste batzuen garrantzia aitortzen ari gara, eta, zoritxarrez, milaka eta milaka lanposturen galeraren lekuko izaten ari gara. Azken horiek, batez ere, prekarietate egoeran dauden pertsonekin gertatzen ari dira, hala nola etxeko langileak, zaintzaileak, garbitzaileak, nekazariak… askotan modu prekarioan egiten diren lanak, sektore feminizatuak, aitortza sozialik gabekoak eta soldata baxukoak.

Era berean, harremanen, komunitatearen, sare sozialen eta elkartasunaren garrantzia konprobatzen ari gara. Balioa galtzen ari diren gizarte egiturak azaleratu egin dira berriz. Egoera horretan heldu gara maiatzaren 1era. Eta etxean. Momentu ona izan daiteke “Eliza lan duinaren alde” kanpainak helarazten digun proposamenean sakontzeko.

“Lana emakume eta gizon ororen duintasunaren adierazle izan behar da, gizarte guztietan. Askatasunez aukeratutako lana, langileak komunitatearen garapenarekin erlazionatzen dituena; langileak errespetarazten dituena, diskriminazioa saihestuz; familien beharrizanak asetzeko aukera ematen duena, eta haurrak eskolaratzeko, haiek lan egin beharrik izan gabe; langileak libreki antolatzeko aukera ematen duen lana, haien ahotsa entzunarazteko gaitasuna izan dezaten; erretirora baldintza duinetan heltzea bermatzen duen lana” (Caritas in veritate, 63).

Lana bizitzeko da, pertsonen integritate fisikoa eta psikikoa babestu behar du, gizarte babesa bermatu behar du, bizitza duina izateko ezinbestekoa baita. Egunotan jende asko erakusten ari da denon ongizatearen aldeko konpromisoa, eta horrek argi uzten digu printzipio horien alde egiten jarraitu behar dugula, planteamendu indibidualistak alde batera utziz. Horrekin lotuta, lanerako eskubidea erreklamatu nahi dugu, eta errenten bermea eskatu: paperik ez daukanaren erregulazioa, pertsona erdigunean jartzea eta gizarte eskubideak sendotzea.

Eta Caritas Bizkaian beti egiten dugun moduan, lan partekatuko eremuak eraiki behar ditugu, laneratzea bideratzeko. Aukera gutxien dituzten pertsonen prozesuak sustatu behar ditugu. Bide-laguntza, prestakuntza eta bitartekaritza lana eman behar dugu, lana bilatzeko orduan aukera berdintasuna errealagoa izateko. Sareko lana garatu behar dugu, gizarteratze-enpresa gisa, egungo ereduaren ordezko aukera bat izateko, pertsona, familia eta komunitateei itxaropena emateko.

Amaitzeko, gonbidapen bat luzatu nahi dugu. Gure gizartean lan duina izateko beharra ikusarazteko ekintzetan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu. Ziur proposamen sortzaile eta irudimentsuak dituzuela, konfinamendu-arauak errespetatuz, betiere. Konpromisoari eusteko ere eskatu nahi dizuegu. Egoera zailenean dauden pertsonen prozesuekiko konpromisoa sendotzeko, eta lan duina lortzeko aukerak bilatzeko.

#alkartasunabetizabalik

Gonzalo Rodríguez Aguirregoitia

Enplegu eta ekonomia solidarioaren arloko koordinatzailea

Caritas Bizkaia